San Joan eta San Etorri, poz eta malko iturri. Fini. Bukatu dira aurtengo ekaineko azterketak ere. Atseden hartzeko moduan dira ikasleak, merezimendua jar diezaiola nork bere buruari. Irakasleontzat ere azterketa garaia izaten da ekaina, eta nik, behintzat, azterketak aztertzeko probestu nahi izan dut aurtengoa. Salbuespenak salbuespen, azterketa eredu bertsuekin ebaluatu ditugu ikasleak azken berrogei urteotan, bi orduan idatziz erantzuteko zortzi-bederatzi-hamar galderekin. Azterketa eredu hauekin baina, galdetutakoa ez beste guztia ikasi dutenek azterketa suspenditzeko arriskua dute, galdetutakoa baino ikasi ez dutenek gainditzekoa duten arrisku bera, hain zuzen ere. Horregatik, eta ertzak leuntze aldera, batxilergoko ikasleei bi azterketa eredu jarri nizkien aukeran. Klasikoa bata, eta berritzaileagoa bestea. Klasikoa hautatu zutenek ohiko hamar galdera erantzun behar izan zieten; berritzailearen aldeko hautua egin zutenek bi proposamen zabal zituzten egunerokoan barneratutako baliabideen bitartez ikasturtean zehar ikasi zutena froga ziezadaten. Uste baino gehiagok eta nahi baino gutxiagok luzatu zioten eskua paratutako erronkari (ohitura kontua izango da!); luzatu ziotenek baina, eskua ez ezik gainerako gorputz atal eta zentzumenak ere luzatu zizkioten. Nik ikastea nahi nuena gabe, beraiek ikasi zutena frogatu zidaten, nola frogatu gainera!
Eta hori da bidea, irakasten ez dieguna ikasi dutela frogatzeko aukera ere eman behar baitzaie ikasleei.
Eta hori da bidea, irakasten ez dieguna ikasi dutela frogatzeko aukera ere eman behar baitzaie ikasleei.