Mostrando entradas con la etiqueta KANTUAK. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta KANTUAK. Mostrar todas las entradas

2009-06-02

ZORIONAK, AMA!



Ai nire bihotza kantuz
azalera ahal baledi!
Ama, gaur zu zoriondu
nahi zaitut bere-beregi,
bi ezpainen zabaleran
irribarre bat eskegi.
Zerua urdin dirdaitsu,
mendi-zelaiak orlegi...
Hirurogeita batgarren
urtemugan begiz begi
bizitza bete-betean,
emankor zaizu ageri;
zoriona opatzea
baino ez dagokit neri
segunduak hustu eta
urteak betetzen segi.


Doinua: Habanera

2009-05-12

MIKEL LABOARI

Burlatako Askatasuna institutuan, olerkiak, musika, dantza... lagun, guk ere, ikasle eta irakasleok, omenaldi xume bat eskaini genion Mikel Laboari. Nik bertsoz egin nion omen.


1.- Errekastoen akordeekin

zirikatzean zoria

Goizuetako mendi gainetan

lanbrotu zait memoria;

Mikel zu zera udazkeneko

nostalgiaren adar bereko

azken hosto eroria,

udaberrian dagoeneko

negua inork baino hobeto

kantatzen duen txoria.


2.-Zure ahotsa heltzean bihotz

urratuenetaraino,

zer minagorik izarren hautsa

kantu bihurtzea baino?

Ez dolu kanpai, ez barne salto;

ez gau eresi, ez negar malko...

ametsa zorion laño;

ez, heriotza hau ez delako

bizitzan bertan gauzatutako

lekualdatze bat baino.



3.- Mamu-itzalak goxatu ditu

benta zaharreko beroak,

iraganaren zilbor-hestean

amesti darrai geroak.

Lurrundutako printzen omenez,

egunsentiko mantu onenez,

zain gauzka haize hegoak;

bake zantzuen itxaropenez

ihes betea zilegi denez,

zabal ditzagun hegoak!


Doinua: Izarren hautsa.