2009-05-14

ZORIONEKOA NI. ETA NIRE ARREBA!


Iragan otsailean banatu ziren Beasaingo Idazlan Lehiaketari zegozkion sariak. Aurten ere asko dira irudimenaren zoko ezkutuenetik epaimahaikideon bihotzeraino iristea lortu duten hitzak, arkatzez zirriborratutako eskemetatik tipografia dotorez apailatutako liburuxketara jauzi egingo dutenak, udaberrian eskualdeko irakurleon begietan hilezkortuko direnak.

Sari-banaketara ordurako iritsi banintzen ere, hanka punttetan jarraitu behar izan nituen sarituen joan-etorriak. Mutila, neska, neska, neska, institutuko irakaslearen semea, D.B.H.ko irakaslearen alaba, neska, neska, neska, gure lankide baten semea… Bai, neskak (mailaren batean saritu guztiak neskak zirela uste dut) eta inguruko ikastetxeetako irakasleen seme-alabak izan ziren jendartetik garaikurretarainoko bidea maizen egin zutenak. Sari-banaketa amaitu eta aho-gozagarriekin tematuta nenbilela, ni ere hala nintzen, duela zapi urte, poesian eta hitz lauz, bi generoetan, nabarmendu nintzenean, neska eta irakaslearen alaba xuxurlatu zidan bost minutu lehenago arreta eman zidaten datuen inguruko hausnarra nirekin partekatu nahi izan zuen ahots haragituak. Bai, eta nire arreba! Belarritik belarrirako irribarre zabal batean borobildu zitzaizkidan bokal eta kontsonanteak, gibelean nuen gogaidea Irati, arreba, zela jakitun. Izan ere, Iratik askotan entzun behar izan du sariketetara aurkezten zituen lanak anaiak egiten zizkiola, nik nireak aitak egiten zizkidala entzun behar izan dudan bezalaxe.

Egiten laguntzetik egitera baina, badago aldea, badagoenez. Inori ezer egiten dionak, egitera baino mugatzen ez bada behintzat, laguntza kaskarra eskaintzen du, eta nago bertso, ipuin, olerki edo artikulu hau berau itxuraz idaztera nekez iritsiko nintzela nire sormen lanak beste norbaitek egin izan balitu. Hori bai, zergatik ukatu, idazten hasi berritan aitarekin xehatzen nituen pertsonaien nolakotasun eta istorioen nondik norakoak; aitarekin ortografia eta puntuazioari zegozkienak. Zorionez, beti izan dut hurrean, bolalumari eragin eta orrialde zuriak belztu gabe, iritzi eta aholku mailan niri esku bat botatzeko beti prest izan denik. Jakinda munduratzen denik ez omen, eta nik ere inguruari eta ingurukoei zor diet dakidantxoa. Eta nor hurbilagorik gurasoak baino? Gurasoek, izan irakasle edo arotz, seme-alaben bidelagun izan behar dute, mundua izendatzen irakatsiko dieten ahots; idazketarako, matematiketarako, bizitzarako, zernahitarako prestatzen lagunduko dieten maitasun iturri.

Logaritmoak ebazten aitak laguntzen dizula? Platonen idatziak ulertzen amak? Lehenengo maitasun poema ontzen anaiak? Ez lotsatu harrotu behar zenukeenaz.

Zorionekoak gauero-gauero ipuinen bat entzunez lokartzen zareten haurrak, begi-belarriak zabaltzen, bide berriak urratzen laguntzen dizueten gurasoak dituzuenak. Zorionekoa ni. Eta nire arreba!

No hay comentarios:

Publicar un comentario