2009-05-29

GORA, GORA, GORA, GORA , IE IE IE!



Asterokoari gogotsu heldu diozuela badakidanez, beste egiteko bat jarriko dizuet datorren ostiralerako. Ea sarean ehizatutako argazki honek zer iradokitzen dizuen. Tik tak, tik tak!

ZURE BEGIEK MINTZEN NAUTE

Betazaletan egosterako
gaiztotzen diren ametsak,
gabeziari eskainitako
paisaiak dira guretzat
zure bi begi berdeetako
begirada zuri-beltzak.

2009-05-22

NIREKIN JOLASTU NAHI?


Gaurtik aurrera, astero-astero egiteko bat jarriko diot neure buruari: sarean argazki esanguratsu bat aurkitu eta astebeteko epean sormen lan bat ontzea (bertso, olerki nahiz gogoeta-saiakera bidez). Baina, neure buruari bakarrik ez, zuei ere erronka bera proposatu nahi nizueke. Astebete, duzue, beraz, gaurko argazkiak iradokitzen dizuena hitzez azaleratzeko. Bost segundo gutxiago geratzen zaizkizu. Tik, tak, tik, tak...

IRUZKINAK EGITEKO AITZAKIARIK EZ


Zuetakoren batek helarazi didan bezala, arazoak izan dituzue nire sarrerei erantzun eta zuen iruzkintxoak egiteko. Nahi ordurako ez, baina, azkenean lortu dut zuen eta nire arteko bidea sasiz arintzea. Ekarpenik egin nahi izatera, Comentar como jartzen duen tokian zuen izena edo anonimo jarri besterik ez duzue. Gustura irakurriko ditut!

2009-05-19

IKASLEAK IKASKIZUN


Baditut hiru ikasle martxorako ikasturtea amaitutzat eman zutenak. Lehen bi klase orduetan iratzargailuak zapuztutako ametsa luzatzen ahalegintzen ziren, atsedenalditik bueltan arratsaldeko egitekoak zehazten, eta azken txirrinaren aurretik, begiradarekin euliak ehizatzen. Gogoa eta zangoa elkarrengandik hain urrun dituztenentzat gogorra behar du zazpi klase orduko egunerokoak. Irakasleoi baina, ikasle guztiengan arrastoa uztea dagokigu. Halaxe eskatu nien behin, ekaineko azterketetarako ez bazen, bizitzarako prestatzen utz ziezadatela. Bakarrizketa umoretsuak irakurtzen inoiz, esaldi zirraragarrien inguruan gogoeta berriak zirriborratzen aldika, denboraren bestelako kudeaketa batean murgilduta dabiltza aspaldion, asebeteago. Baita neu ere. Pasa den egunean ardura/kezka hori neuregain zergatik hartzen nuen galdetu zidan hiru ikasle horietako batek. Barruak hala agintzeaz gain, maite zaituztedalako erantzun nion. Malko bat irristatu zitzaion masailean behera. Aditz taula eta dialektologia saioekin baino barrurago iritsi nintzaion, nonbait. Asmatu dut, inondik ere!

MARIO BENEDETTI


Sin dejarte escribir el último verso
se ha estrellado el universo
síntoma de un mal presagio
el alba sangra su epitafio;
es vavio, impotencia lo que siento
¡Ai, si pudiera recomponer el tiempo!
¡Maldito destino! ¡Maldita suerte!
¿Cuantas vidas debemos a la muerte?


Eskerrik asko Mario!

2009-05-14

ZORIONEKOA NI. ETA NIRE ARREBA!


Iragan otsailean banatu ziren Beasaingo Idazlan Lehiaketari zegozkion sariak. Aurten ere asko dira irudimenaren zoko ezkutuenetik epaimahaikideon bihotzeraino iristea lortu duten hitzak, arkatzez zirriborratutako eskemetatik tipografia dotorez apailatutako liburuxketara jauzi egingo dutenak, udaberrian eskualdeko irakurleon begietan hilezkortuko direnak.

Sari-banaketara ordurako iritsi banintzen ere, hanka punttetan jarraitu behar izan nituen sarituen joan-etorriak. Mutila, neska, neska, neska, institutuko irakaslearen semea, D.B.H.ko irakaslearen alaba, neska, neska, neska, gure lankide baten semea… Bai, neskak (mailaren batean saritu guztiak neskak zirela uste dut) eta inguruko ikastetxeetako irakasleen seme-alabak izan ziren jendartetik garaikurretarainoko bidea maizen egin zutenak. Sari-banaketa amaitu eta aho-gozagarriekin tematuta nenbilela, ni ere hala nintzen, duela zapi urte, poesian eta hitz lauz, bi generoetan, nabarmendu nintzenean, neska eta irakaslearen alaba xuxurlatu zidan bost minutu lehenago arreta eman zidaten datuen inguruko hausnarra nirekin partekatu nahi izan zuen ahots haragituak. Bai, eta nire arreba! Belarritik belarrirako irribarre zabal batean borobildu zitzaizkidan bokal eta kontsonanteak, gibelean nuen gogaidea Irati, arreba, zela jakitun. Izan ere, Iratik askotan entzun behar izan du sariketetara aurkezten zituen lanak anaiak egiten zizkiola, nik nireak aitak egiten zizkidala entzun behar izan dudan bezalaxe.

Egiten laguntzetik egitera baina, badago aldea, badagoenez. Inori ezer egiten dionak, egitera baino mugatzen ez bada behintzat, laguntza kaskarra eskaintzen du, eta nago bertso, ipuin, olerki edo artikulu hau berau itxuraz idaztera nekez iritsiko nintzela nire sormen lanak beste norbaitek egin izan balitu. Hori bai, zergatik ukatu, idazten hasi berritan aitarekin xehatzen nituen pertsonaien nolakotasun eta istorioen nondik norakoak; aitarekin ortografia eta puntuazioari zegozkienak. Zorionez, beti izan dut hurrean, bolalumari eragin eta orrialde zuriak belztu gabe, iritzi eta aholku mailan niri esku bat botatzeko beti prest izan denik. Jakinda munduratzen denik ez omen, eta nik ere inguruari eta ingurukoei zor diet dakidantxoa. Eta nor hurbilagorik gurasoak baino? Gurasoek, izan irakasle edo arotz, seme-alaben bidelagun izan behar dute, mundua izendatzen irakatsiko dieten ahots; idazketarako, matematiketarako, bizitzarako, zernahitarako prestatzen lagunduko dieten maitasun iturri.

Logaritmoak ebazten aitak laguntzen dizula? Platonen idatziak ulertzen amak? Lehenengo maitasun poema ontzen anaiak? Ez lotsatu harrotu behar zenukeenaz.

Zorionekoak gauero-gauero ipuinen bat entzunez lokartzen zareten haurrak, begi-belarriak zabaltzen, bide berriak urratzen laguntzen dizueten gurasoak dituzuenak. Zorionekoa ni. Eta nire arreba!

2009-05-13

IGARTZA, ISTORIOAK HISTORIAREN GAINEAN

Begiak itxita zeharkatu ditut haurtzaroko paisaia zuri-beltzak. Ederra da roimenaren neurriko oinetakoak jantzi, eta gogoa denboraren joanak arrakalatu gabeko lurretan haragitzea, XXI. mendeari Erdi Aroko harresien atzetik begiratzea; ederra da, bai, iragana betazaletaraino gerturatzea.


Fabriketako ke, denden erakusleiho eta tabernetako zarata betiberetatik urrun, lauzpabost abuztutan Biasteriko harribitxiak ederretsiz berritu genuen arnasa, ederki berritu ere. Goizetan, trapuzko pilotekin, gure aurrekoek bihotzetan kabitu ez, eta harri azpietan gordetzen zituzten sekretuak bistaratzen genituen; zikoinen habiak zaindu lo kuluxka egin eta amak afaria prestatu arteko denboran. Baina, gauerdi ingurukoak ziren ogi egin berriaren usaina sudur-mintzetan barrentzen zitzaigunetik antsiatzen genituen orduak. Ateen karrankek salatuko gintuzten beldur, balkoietan eskegitako izarek errazten ziguten lagunarterako bidea. Istorioak idazten genituen historiaren gainean.


Bizi, istoriorik eta historiarik gabeko herrian bizi ginen ordea; eta fabriketako ke, denden erakusleiho eta tabernetako zarata betiberetara itzuli bezperan, nik galtzontzilo eta galtzerdien artean sartu nahi izaten nituen zezenek eta oinezkoek baino zapaldu ez ditzaketen kaleak, garaipen loriatsuen lekuko diren armarri eta harlauza dotoreak, upategi bihurtutako pasabide ezkutuak.


Beasain etorkizuneko hiria izan baita garabiek Indar zaharra lurrarekin berdindu eta 1782an diseinatu bide zuten burdinolaren lehen arrastoak azaleratu zituzten arte. 2002tik hona, Aranzadi eta Beasaingo Udalaren ekimen txalogarriari esker, burdinola txukundu, behinola gune garrantzitsu izan ziren errota, zubia eta harresiak itxuratu, eta Igartzako multzoa borobiltzea lortu da. Bisita gidatuak ere antolatzen dira jauregi bihurtu aurretik balio estrategiko handia izan zuen dorrearen inguruan erlojuak XIV. mendera arte atzeratu, eta ordu eta erdian sei mendeko ibilia egin nahi dutenentzat. Bizpahiru liburu aurkezpen, pare bat kontzertu… Astero bagenitu…


Bai, lapurtu ez diezaguketen ondasun bakarra da iragana, baina nago gehiegi babesten ez ote dugun etorkizunak desitxuratuko digulakoan. Ahotsak behar ditu urte luzez isiltasunak baino habitatu ez dituen metro koadroetan, antzezleak, musikariak, poetak, dantzariak. Istorioak behar ditu historiaren gainean.

AHOZKOTASUNA LANTZEKO ESKOLA


Non dira enparantzako zutabeak alderik alde arrakalatzen zituzten baloiak? Non sei-zazpi-zortzi urteko neska-mutilen besoetan haragitzen ziren panpinak, erregairik gabe lurralderik ezkutuenetaraino hurreratzen gintuzten kamioiak, eguzkiak ebatsitako txokolatezko izozkiak? Kontrapasan dator zoriona irribarre lisatuen abenidetan, haizeak ostikatzen ditu behinola berna-hezurrek madarikatutako hartxintxarrak, eta negua, negua ez da udaberritzen. Haurtzaroak aspaldi utzi zion jendetsu izateari. Motxila ibiltariak dira orduak baino ordutegi gehiago dituzten umeak, eskolatik solfeora, solfeotik ingeleseko klaseetara, ingeleseko klaseetatik dotrinara eta dotrinatik futboleko entrenamenduetara, joan-etorri betiberetan alderrai dabiltzan motxila ibiltariak. Denbora kontua da; edo denbora faltarena.

Bai, antzerki tailerrak ere aipatu beharko nituzke, eta bertso-eskolak, eta… Baina, hain da zaila egunerokoaz haragokoa interpretatu eta oholtzaratzen! Hain gaitza astelehena eta Barrena gizartearen behar eta lehentasunekin errimatzen!Garaiak ikaragarri aldatu dira, guk, ordea ez dugu neurri berean aldatzen eta egokitzen jakin, aparteko zaletasunik ezean, eta hala ere nahiko lan, ez baita erraza Zegama, Legorreta, Ataun edo Zaldibiako zortzi-bederatzi urteko bertsozalea Ordiziara erakartzea. Zer esanik ez, musikak, hizkuntzek eta kirolek duten indarra kontuan izanda, egun eta ordu jakinetan beren habiak utzi eta hogei minutu edo gehiagoko hegaldiak egitea eskatzen bazaie.Tokian tokiko eta unean uneko eskaerei erantzun behar diegu, eta eskualde mailako eskolak bitez hasiberriak zaletu ondorenerako erreferentzi.

Proposamenen erakargarritasun eta eskuragarritasunean egin behar dugu lan. Beasaingo Udalak ikasturte berriarekin batera ahozkotasuna lantzeko abian jarri zuen eskola ere ekimen eredugarri eta txalogarria iruditzen zait lehen begi ukaldian. Areago, galdera ikurrak harridura zeinuen entonazio berarekin, esan-indarrik gabe ahoskatzen ditugun geografia eta harea-erloju honetan. Beldur naiz, baina, hezkuntza arautuan bezala, ahozkotasuna errima-neurrietara eta bat-batekotasunarenn onuretara baino ez ote den mugatuko. Literatur, kultur eta euskal adierazpide ezberdinen bilgune behar du bihar-etziko ahozkotasunaren eskolak, bertsotan ez ezik, antzezten, irakurtzen, olerkiak errezitatzen, ipuinak kontatzen, bakarrizketetan trebatzen, deklamatzen, memoria elikatzen, lexikoa biderkatzen, euskalkian, hitanoan trebatzen irakatsiko diena. Zabala. Anitza.

Aholku txarra da alda ez daitekeena. Historiak ez bezala, iraganak ez du irauten; beraz, kezka gaitezen etorkizunaz iragan aurretik.

2009-05-12

MIKEL LABOARI

Burlatako Askatasuna institutuan, olerkiak, musika, dantza... lagun, guk ere, ikasle eta irakasleok, omenaldi xume bat eskaini genion Mikel Laboari. Nik bertsoz egin nion omen.


1.- Errekastoen akordeekin

zirikatzean zoria

Goizuetako mendi gainetan

lanbrotu zait memoria;

Mikel zu zera udazkeneko

nostalgiaren adar bereko

azken hosto eroria,

udaberrian dagoeneko

negua inork baino hobeto

kantatzen duen txoria.


2.-Zure ahotsa heltzean bihotz

urratuenetaraino,

zer minagorik izarren hautsa

kantu bihurtzea baino?

Ez dolu kanpai, ez barne salto;

ez gau eresi, ez negar malko...

ametsa zorion laño;

ez, heriotza hau ez delako

bizitzan bertan gauzatutako

lekualdatze bat baino.



3.- Mamu-itzalak goxatu ditu

benta zaharreko beroak,

iraganaren zilbor-hestean

amesti darrai geroak.

Lurrundutako printzen omenez,

egunsentiko mantu onenez,

zain gauzka haize hegoak;

bake zantzuen itxaropenez

ihes betea zilegi denez,

zabal ditzagun hegoak!


Doinua: Izarren hautsa.







2009-05-07

ZE, EINGO AL DEU?


Hitzak, esaldiak, silaba erdiek ordezkatu dituzten herrian bizi gara, lagunarteko egitasmoak ezkerretik eskuinerako edo goitik beherako lepo mugimendu soilaz zehazten ditugun gizartean. Tartean-tartean ahoskatutako galde-erantzun laburrekin arrakalatutako isiltasun eta onomatopeiez bete zaizkigu kaleak. Eskolaz kanpoko ordutegi itogarriek indargabetu dituzte gaztetxoen elkarrizketak, Play Stationek, Game Boyek, telebistak, komunikabideek komunikazioa. Egun, mundua irakurtzera hurreratzen diren jubilatuen sostengu dira behinola neska-mutilen jolas eta solasen lekuko izandako parkeko bankuak. Herriko balkoirik ponpoxoenetan orduak zersuma arintzen dituen loroak ere ez du alpistea beste ahogoxagarririk aspaldian, etxekoandreak, nekagarri iritzita, berehala utzi baitzion bere izena errepikatzeari. Maitasunetik maiztasunerako kontsonantean, eztarri parean edo trabatzen zaigun hizkuntza da gurea, irakinaldiak irakinaldi, odolbideetatik kanpo nekez mintzo dena. Beso-zangoetako muskulu eta giharrak indartzeko baino, mihia eta burmuina trebatzeko gimnasioak behar genituzke. Ez al duzue uste?

Non dira lotsagorritutako maitasun aitortzak? Non umorez zorroztutako ziriak, labaderoan zipriztindutako trapu zaharrak, balkoitik balkoirako hitz-aspertuak? Gune eta une jakinetara mugatu ditugu solaserako esparruak, erregistro jaso-formal-espositiboetara eguneroko jardunak. Mihiari barik, bolalumari eragiten irakasten diegu ikasleei, sekula mihiratuko ez dituzten hitzen sinonimoak barneratzen, hemezortzi letrako adizkiak ahoskatzen. Hitanoa atzoko euskaldunen harribitxia izango da bihar-etzi, muga-marrarik gabeko irudi kolore-bakarra Koldo Zuazoren euskalkien mapa. Ez al duzue uste?

Oraintxe da garaia, nork bere baitako ertzak leundu eta mamia azaleratzekoa, denborak maiztutako argazki zuri-beltzak koloreztatzekoa, egin eta eragitekoa. Zuzen, jator; zuzen eta jator, egoki. Zuzen, jator eta egoki. Jarioa arindu, sormena hostogabetu eta irudimena hegatzeko espazioak behar ditugu, Euskal Herriak. Euskal Herriak bai, eta euskara; euskalkiek, jergek, esaerek, esamoldeek, unean uneko eta tokian tokiko erregistroek, esan-indarrak, goxotasunak, hurbiltasunak eta elkarreraginak definituko dutena. Ze, eingo al deu?